Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Eentzun! kanpaina, indarkeriaren aurka eta kirolaren balioen alde

2018·04·09


«Haka» original baten bidez, Gipuzkoako neska-mutilek «gozatzeko eta gozatzen uzteko» eskatuko diote harmailari partidu bakoitzean.

Kanpaina honetan parte hartu dute Errealeko Xabi Prietok, Asier Illarramendik eta Alvaro Odriozolak, Eibarko Asier Riesgok eta Nerea Gantxegik, Markel Alberdi igerilari olinpikoak, GBCko Daniel Clarkek eta Xabier Orozek, IDK Gipuzkoako Onintza Aurizek eta Toch Sarrek eta Gipuzkoako beste hainbat kirolarik.

Denis Itxaso: «Idarkeria egoeretan gehien sufritzen dutenak haurrak izaten dira, eta kirolaz gozatzeko eskubidea dute.  Eee!ntzun kanpainaren bidez, balioen araberako heziketa bultzatu, eta Gipuzkoako eskola kirolean onargarri ez diren jokabideak saihestu nahi ditugu».

Gipuzkoako Foru Aldundia kezkatuta dago kirol zelaietako harmailetan izan diren oldarkortasun eta indarkeriazko gertaerengatik, eta beharrezkotzat jotzen du gizarteak horrelako jokabideak gaitzestea, bereziki, eskola kirolean, haren funtsa balioen araberako heziketa baita. Kirola haurren heziketaren atal oso garrantzitsu bat da, eta, beraz, kirol praktikak jolastera, ongi pasatzera, ikastera eta parte hartzera bideratua izan behar du.

 

Horiek oinarri hartuta, Kultura eta Kirol Departamentuak kanpaina bat abiarazi du kirolean izaten den indarkeriaren aurka; gizarte osoak partekatu dezakeen mezu baikor baten bidez, balioetan jartzen du arreta, eskola kirolean parte hartzen duten haurrek kirolaz gozatzeko duten eskubidea ardatz hartuta. Eee!ntzun ekimenak eskola kirolean parte hartzen dute haurrak protagonista bihurtu nahi ditu, partiduetara joaten direnei harmailetan goza dezaten eta arbitro, entrenatzaile nahi jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta biolentoak alboratu ditzaten eskatzeko.

Kanpaina eskola kiroleko jokalariek partiduaren aurretik egingo duten «haka» batean ardazten da, eta kantu batek, dantza batek eta zeinuen erabilerak osatzen dute; horrela, modu jostarian, emozio egoera bat sortuko da partidaren aurretik, eta hausnarketarako bidea eskainiko die eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei.

Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok adierazi duenez, «kezka eragiten digu eskola kiroleko harmailetan irainak, mehatxuak eta jokabide oldarkor eta biolentoak gertatzeak, eskola kirola topaleku bat baita haurrek oso garrantzitsutzat ditugun hainbat balio bereganatu ditzaten, hala nola talde lana, ahalegina edo aurkariekiko eta kideekiko errespetua. Duela gutxi Hernanin gertatutakoak zirrara handia eragin du, adibidez. Eskola kiroleko jardueretara joaten diten gurasoek eta gainerakoek jokabide egokia eta eraikitzailea izaten dute gehienetan, baina oraindik ere badira, kasu batzuetan, adingabeei eta arbitroei presioa eragin, eta haiekiko jarrera oldarkorrak izaten dituzten pertsonak. Gertaera horiek ohikoegiak dira, eta horregatik jarri dugu abian kanpaina hau: parte hartzaile guztiak inplikatuz horrelako jokabideak kirol zelaietatik kanporatzeko helburuz». Itxasok nabarmendu du, baita ere: «Idarkeria egoeretan gehien sufritzen dutenak haurrak izaten dira, eta kirolaz gozatzeko eskubidea dute. Eee!ntzun kanpainaren bidez, balioen araberako heziketa sendotu nahi dugu, eta Gipuzkoako eskola kirolean onargarriak ez diren jokabideei aurrea hartu».

 

Bideoklip bat Gipuzkoako erreferentziazko kirolariekin

Ekimen honek Gipuzkoako kirol arloa biltzea du xede: eskola kiroleko parte hartzaileek «haka» dantza egingo dute partiden aurretik, baina, horrez gain, Gipuzkoako eliteko kirolariek ere beren ekarpena egin nahi izan diote kanpainari. Errealeko Xabi Prietok, Asier Illarramendik eta Alvaro Odriozolak, Eibarko Asier Riesgok, Markel Alberdi igerilari olinpikoak, GBCko Daniel Clarkek eta Xabier Orozek, eta IDK Gipuzkoako Onintza Adurizek eta Toch Sarrek, besteak beste, bidoklip batean grabatu dute ondoren Gipuzkoako eskola kiroleko zelaietan egingo den «haka» hori.

Kirolari horiek guztiek parte hartu nahi izan dute gizarte osoa kontzientziatzen laguntzeko ekimen honetan, argi uzteko jokabide batzuk ez direla onagarriak kirol zelaietan. Bideoklipaz gain, ETBko Go!azen telesaileko protagonistek prestatu duten bideo-tutorial bat ere aterako da, «haka» hori ikasi nahi duten guztiek modu errazean ikasteko aukera izan dezaten.

Eskola kiroleko talde batzuk hasiak dira dagoeneko dantza prestatzen, eta pixkanaka talde guztietara zabalduko da ekimena.