Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gipuzkoa Active Hacking ekimena jarri du abian Gipuzkoa Kirolak programak

2017·03·20


“Kaleko jarleku bat, zinta puska bat lurrean, eta horra tenis zelai bat. Azpia kendu diogun fruta kaxa bat kaleko seinale bati lotu, eta horra saski bat. Erosketetarako bi orga eta zinta puska bat, eta horra futbol zelai bat.”

 

Zer da Gipuzkoa Active Hacking?

Gipuzkoa Kirolak lanean ari da hiri aktiboak sustatzeko, hau da, herritar guztien artean jarduera fisikoa eta kirola bultzatzen dituzten hirien eta herrien alde. Udalerri horiek, jarduera fisikoa eta kirola egiteko erraztasunak emateaz gain, jolasa eta herritarren bizimodu aktiboa ahalbidetzen dituzte.

Horiek horrela, uste dugu gure udalerrietako espazio publikoak jolas aktiboen praktika ahalbidetu dezakeela, ez soilik ekipamenduen bidez, baizik eta baita irudimena sustatuz ere, jendea kale eta plazetan jolastu dadin eta kirola egin dezan.

Kultura Departamentuko Kiroletako Zuzendariak sustatu duen Active Hacking deialdiaren xedea da gazteen irudimena sustatzea, hirigunean jarduera fisikorako aukerak bila ditzaten. Gazteek inguruari begiratzeko modu bat gara dezatela nahi dugu, espazioak berrinterpretatu eta jolas aktibo propioak diseina ditzatela.

Active Hacking Gipuzkoako 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako deialdia da, eta gazteak animatu nahi ditu gutxienez lau laguneko taldeetan hirigunean gauzatuko diren jolas aktiboak diseinatzera.

 

Hackeatu zure hiria

Proposamena:

Sortu talde bat; bilatu leku egokia; diseinatu jolas aktiborako edo kirolerako eremu bat; egin; jolastu; igo irudiak sare sozialetara #gipuzkoaactivehacking traola erabilita; bildu dena; egin gehiagotan ere.

Proposatzen dizugu udalerrian bertan esku hartzea, espazio publikoko eremuetan –kaleetan, plazetan, parkeetan…–, jolasak espazioak berrinterpretatu eta horietan eragina izango duen lekuetan. Proposatzen dizugu material sinpleak, berrerabiliak eta lortzen errazak direnak erabiliz erabilera berriak irudikatzea, eta jarduera fisikoa egiteko eta pertsonen arteko harremanetarako eremuak asmatzea.

  • ·Esku-hartze horiek ingurunea eta pertsonak errespetatuko dituzte, eta jaso egingo dira jolasa amaitzean, inguruari kalterik eragin gabe eta jendeari eragozpenik sortu gabe.
  • ·Proposatzen dizuegu esku-hartzeak, diseinatutako jolas eremuak, sare sozialetan (Instagram, Twitter, Facebook) dokumentatzea azalpen testuak, irudiak eta bideoak erabiliz, eta horretarako #gipuzkoaactivehacking traola erabiltzea.
  • ·#gipuzkoaactivehacking traolaren jarraipena egingo dugu eta bost esku-hartze hautatuko ditugu, eta horiei hilabete geroago Donostian errepikatzeko eskatuko diegu. Kontuan izan kontu pribatuak badituzue ezingo dugula zuen diseinua ikusi eta identifikatu.Hala bada, zuek egindako jardueraren irudiak eta bideoak jasotzeko kontu publiko bat ireki dezazuen proposatzen dizuegu.

 

2017ko maiatzaren 6a, larunbata: proposatzen dugu egun horretan esku hartzea eta jolastea Gipuzkoako udalerrietan. Aurrerago, maiatzaren 20an, #gipuzkoaactivehacking traola erabiliz sare sozialetan jasotako informazioari esker hautatuko diren bost esku-hartzeek aukera izango dute jarduera Donostian errepikatzeko, Gipuzkoako Active Hackingean.

Gipuzkoa Active Hacking egunerako hautatuak izan diren taldeetako kideen bidaia gastuak eta dietak ordaintzeko helburuz, 300 € emango zaizkio talde bakoitzari.

 

Informazio gehiago:

Hemen dituzue eskura Gipuzkoa Active Hacking ekimenaren inguruko informazio xeheagoa, hackeo aktiboko esku-hartzeen adibideak, berriak eta dokumentazioa:

http://www.gipuzkoa.eus/es/activehacking

https://www.facebook.com/GipuzkoaKirola

https://twitter.com/GipuzkoaKirolak