Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aldundiak 200 kirolari promesa deitu ditu Gipuzkoako etorkizuneko talentuak hautatzeko

2017·07·19


 Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako Departamentuak 200 kirolaritik gora deitu ditu Gipuzkoako etorkizuneko talentuzko kirolariak hautatzeko. Jardunaldia Kirol Talentuak Detektatzeko eta Prestatzeko programaren barruan garatzen da (Sport Talent Factory), Anoetako belodromoan izaten ari da eta gaur amaitzen da, uztailak 19, asteazkena. Hautatuak diren kirolariek prestakuntza, dirua eta zerbitzuak jasoko dituzte, Talentuari Laguntzeko Deialdian aurreikusi bezala.

Proiektu berritzaile hau kadete eta gazte mailetara zuzenduta dago, eta helburua da kirol talentu berriak ez geratzea ezkutuan, bereziki emakumeen kasuan eta oihartzun gutxiko diziplinetan.

Jardunaldian zehar, hainbat proba egingo dira kirolariak ebaluatzeko. Xedea izango da baliospen irizpide hirukoitz bat izatea, hartara zehazteko etorkizuneko kirolarietatik nor hartuko den talentuzkotzat. Horretarako, hainbat alderdi ebaluatuko dira: garapen fisikoaren eta biologikoaren maila, entrenamendu egoera eta maila tekniko eta taktikoa. Emaitza horiekin, Kirol Talentuen azken zerrenda egingo da.

 

Alderdi horiek balioesteko, kirolariek test orokor bat pasako dute, kirol espezialitatea gorabehera, non datu fisiko eta biologiko nagusiak bilduko baitira (altuera, pisua, zabalera eta abar). Orobat, jauzi, abiadura eta indar probak egingo dira. Espezialitate batzuetan, hautagaiek ahalegin proba bat pasa beharko dute.

Hautagaiek ezaugarri psikologikoko galdetegi bat ere egingo dute, beren errendimenduarekin, garapenarekin eta kirol ingurunearekin, errendimenduari mesede egiten dioten zenbait dimentsio psikologiko ebaluatzeko.

 

Proba horiek ez dute helburutzat kirolarien egoera fisikoa eta errendimendua balioestea. Helburua da etorkizuneko entrenagarritasun maila ezagutzea, progresio eta hobekuntza gaitasunen proiekzio bat egiteko.

Irailean, ebazpena argitaratuko da. Espero da 40-50 izango direla ezaugarriak betetzen dituzten Gipuzkoako kirolariak hartara Talentuzko Kirolari bihurtzeko.

Programa horren barruan, bilera bat egingo da Hondarribian, irailaren 20an eta 30ean. Informazio topaketa bat izango da kirolarien arteko esperientziak eraiki eta trukatzeko.