Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Foru Aldundiak argitara eman du Luix Mari Zulaikaren liburua, haurren artean mendizaletasuna bultzatzeko egitasmoari buruzkoa

2017·11·30


 Argitalpenak azterlan bat jasotzen du, zeinaren bidez lortu nahi baita neurri sorta bat biltzea haurren parte hartzea areagotzeko Gipuzkoako Mendi Federazioak antolatzen duen Eskola Mendi egitarauan. Hasieran, egitarauan parte hartzeak izan duen bilakaeraren argazki bat agertzen da; eta gero, heltzen zaie nerabeek mendiko jardueretan parte hartu ala ez erabakitzeko garaian, eragiten eta baldintzatzen duten aldagaiei.

 

Eskola Mendi egitarauan ikastetxe guztiek har dezakete parte, dohainik, benjamin mailatik kadeteraino (8 urtetik 16ra). Helburu hauek bete behar dira sailkatzeko: Euskal Herriko bost tontorretara igo, senderismoko ibilbide motz bat ibili, eta martxoko ibilaldi neurtuetako batean parte hartu. Lehiaketaren amaieran, Finalistaren Eguna ospatzen da, Gipuzkoako Eskola Mendiren festa.

 

Orobat, eskola ordutegiaren barnean, hainbat jarduera eskaintzen dira, hala nola mendia ezagutzea, mendi-bideak egitea, eskaladan hastea, orientazioan hastea, espeleologian hastea, eta parke naturaletatik zeharkaldi bat egitea.

 

Luix Mari Zulaikak azterlanean jasotzen duenez, Mendi Lehiaketari buruzko datuen arabera, 1997-1998 ikasturtean, 4.621 ikaslek parte hartu zuten; 2015-2016 ikasturtean, berriz, 2.052 ikaslek. Horrek esan nahi du jaitsiera % 55,6koa izan dela. Azken bi hamarkadetan, erdira baino gutxiagora jaitsi da parte hartzea, eta joera horrek ez du aldatzeko edo atsedena hartzeko inolako itxurarik; horregatik, argi gorriak piztuta daude. Jaitsierak izan dira, baita ere, ibilaldi neurtuetan, mendi lehiaketetan eta mendia ezagutzeko jardueretan.

 

Azterlanak jasotzen du zer bilakaera izan duen parte hartzeak, modalitateen, sexuaren eta adinaren arabera, eta aztergai ditu zenbait aldagairen eragina, guraso elkarteen funtzioa, kudeaketa ereduak, eskola kiroleko eredua, erakundeen ardura, eskaintzaren egokitzapena, komunikabideen trataera, eta haurrek mendira joateko edo ez joateko duten motibazioa.

 

Joera iraultzeko asmoz, azterlanak 100 neurri jasotzen ditu, tarteko diren eragile guztiek proposatuak –ikastetxeak, komunikabideak, mendi elkarteak, Federazioa eta GFA–; baita ere, haurrak motibatzeko aholkuak, eta mendizaletasunaren onurak gizartearentzat.

Liburua euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago.

Liburua