Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

La Perla eta Kirolgiren arteko aliantza Gipuzkoako kirolarien errendimendua optimizatzeko

2018·02·07


La Perla Talaso Sport zentroak eta Kirolgi Fundazioak akordioa izenpetu dute gaur goizean, azken aurrerapen teknologikoak eta ospe handiko profesionalak dituen kirol-zentroa Gipuzkoako kirolerako erreferentzietako bat izan dadin hobekuntza fisikoari dagokionez.

Goizane Alvarez, Kiroletako zuzendariaren arabera, La Perla bezalako aliatu bat izateak aukera sorta zabala irekitzen du gure kirolariek duten talentua ahalik eta ingurune onenean garatzeko egokiera izan dezaten.

Akordioaren arabera, Donostian dagoen La Perla Talaso Sport zentroak Kirolgi Fundazioko kluben eta kirolarien eskueran jarriko ditu instalazioak eta hainbat medikuk, fisioterapeutak, osteopatak eta terapeutak osatutako gizataldea, haien prestakuntza fisikoa optimizatzeko eta lesioak sendatzeko prozesua bizkortzen laguntzeko. Ekitaldian ospe handiko kirolariek parte hartu dute, Alex Uranga surflariak eta Ane Santesteban txirrindulariak besteak beste.

La Perlako kirol-zuzendari Fredy Gilek eta talasoterapiako zuzendari Juanjo Santestebanek zerbitzuen xehetasunak ezagutzera eman dituzte ikuspuntu teknikotik. Akordioaren arabera, gimnasioan dagoen puntako teknologiarekin egiten duten lana talasoterapiak eskaintzen dien itsasoko uraren onurekin konbinatu ahal izango dute kirolariek. Horrek lesioak sendatzeko prozesua bizkortzen lagunduko die eta hori funtsezkoa da goi-mailan lehiatzen diren kirolarientzat.

Kirolgik eta Gipuzkoako enpresak sinatu duten akordio honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak abian jarri zuen “Enpresa eta kirola” lerroko proiektuaren zerrenda areagotzen du. Lerro horrek Gipuzkoako kirolaren eta enpresaren arteko harreman mota berri bat bilatu nahi du eta babesletza klasikotik haratago joatea du xede; haren bitartez, foru-erakundearen asmoa da, besteak beste, lurraldeko enpresa kirolaren eta horren balioen eta gipuzkoar guztien osasun publikoaren sustatzaile aktibo izatea, kirol-enbaxadoreak identifikatzea eta ikusaraztea eta kirolaren eta horren sinboloen bitartez probintzia aberasten laguntzea.